San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission (SSGFC), Donostiako Sustapenaren-Ekonomia Bultzatzeko Zinegotziaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Saileko mende dagoen bulego bateratua, elkarlanean aritu da Vampire Academy telesail estatubatuarraren filmaketarekin, Donostia aukeratu baitu filmatzeko agertoki gisa.
Filmaketa urtarrilaren 24tik otsailaren 1era bitartean egin da Miramar Jauregian eta Maria Cristina hotelean. Telesail hau izenburu bereko gazteentzako best seller batean oinarritzen da. Richelle Meadek idatzitako sei liburuko saga horrek 8 milioi kopia saldu ditu 35 herrialdetan. Telesaila Estatu Batuetako NBC katean emitituko da.
Marisol Garmendia Donostiako Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak adierazi duenez, «ekoizleak 400.000 euro inguru inbertitu ditu egun hauetan hirian, eta etorkizunean beste denboraldi bat filmatzeko itzul daitezkeela esan dute. Aipatzekoa da filmazioan hemengo teknikariak, enpresak eta langileak kontratatu dituztela, horrek dakarren onurarekin. Kontuan izanda mundu osoan mila milioi ikusle inguru espero direla telesail honekin, Donostiaren irudiaren inpaktua oso garrantzitsua da».
Garrantzi handiko filmaketa izan da, eta izugarrizko logistika ekarri du berekin (kamioi handiak, material tekniko eta dekoratu ugari, etab.). Teknikari espezializatu askok parte hartu dute lan horretan. Jauregira sartzeko harmailadi nagusiak eta jauregiaren alboko ataripea ere filmatzeko eszenatoki izan ziren. Eszena-autoek protagonistak horra garraiatu eta «hotel» batera iritsi eta sartzen ari zirela irudikatu zuten. Filmaketa martxan jartzeko, ekoizleak Miramar jauregiko gelak eta korridoreak alfonbrekin, altzariekin eta abarrekin eraldatu zituen. Dekoraziolan garrantzitsua suposatu zuen agertoki bat sortu zuten, baita Maria Cristina hotelaren barruan filmatzeko ere.
Julie Plec da gidoilaria, ekoizle eragilea eta showrunnerra (egile-ekoizlea). Espainiako ekoizlea Calle Cruzada da. Ekoizle horren azken proiektu zinematografikoen artean honakoak aurki ditzakegu: «Time out of Mind», Assasins Creed bideo-joko ospetsuan oinarritutako super ekoizpena, Ridley Scotten «El reino de los cielos» eta Tom Cruise eta Cameron Diaz protagonista dituen «Knight & Day».
Vampire Academy nerabe-telesail bat da, eta Rose Hathawayren (erdi gizatiarra, erdi banpiroa) istorioa kontatzen du. Istorioan zehar bere lagunik onena, Lissa Dragomir printzesa (botere bereziak dituen banpiroa), Strigoi izeneko inoiz hiltzen ez diren banpiro batzuengandik babestu beharko du.
Telesaila Peacocken ikusi ahal izango da esklusiboki, NBC Universalek Estatu Batuetan duen streaming zerbitzuan.
San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionen helburua Donostian eta Gipuzkoan ikus-entzunezkoen sektorea bultzatu eta sustatzea da, filmaketak erakarriz eta lokalizazioen bilaketa eta baimenen kudeaketa erraztuz. Lan horretarako Gipuzkoako garapen-agentzien laguntza du.
2021ean, SSGFCk elkarlanean jardun zuen «Maixabel» luzemetraia edo Amazon Primeen «El internado: Las Cumbres» eta Netflixen «Bienvenidos al Edén» telesailak filmatzeko. Horretaz gain, J&Bren iragarki bat eta Masterchef Polonia programaren finalaurrekoa ere filmatu ziren.