Deialdi honek bere bigarren edizioa du aurten, eta euskaraz eginiko fantasiazko gidoien sorkuntza nobela saritzea du helburu. Aukeratzen den proiektuari aholkularitza emango diote ikus-entzunezkoen arloko profesionalek, eta azken emaitza izango da film labur bat ekoiztu eta egitea, Larrotxene Bideo enpresaren tutoretzapean eta San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionen lankidetzarekin. Film laburra 2022ko Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33. Astean estreinatuko da.

Azken urteotan arrakasta handia lortu du euskarazko ekoizpen zinematografikoak, eta nazioartean ere oihartzuna izan du. Fantasiaren generoan ere joera hori izan da, eta loraldi eta susperraldi garaia bizi izaten ari da; genero horretan, sortzaile berriak oraingo eta etorkizuneko zinemari itxura ematen ari dira. Testuinguru horretan jaio zen, 2019an, Oihua! ekimena, eta aurten bere bigarren deialdiari ekin dio, Donostia Kultura, Euskararen Udal Zerbitzuak eta San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionek bultzatuta.

Deialdia 35 urtetik beherako gazte sortzaileei zuzentzen zaie. Urrats hauek jarraitu behar dituzte:

  • Beren gidoia eta datu guztiak 2021eko abenduaren 20a baino lehen aurkeztu behar dituzte.
  • Batzorde batek proiektu bat aukeratuko du, eta proiektu hori egingo da.
  • Maider Oleaga zuzendaria izango da proiektuaren kontseilaria.
  • Larrotxene Bideo enpresako bitarteko teknikoek eta giza baliabideek emango dute laguntza proiektua egiteko orduan.
  • Laguntza ekonomiko bat egongo da 2022an barrena film laburra ekoizteko.
  • Film laburra Gipuzkoako probintzian filmatu behar da oso-osorik.

Amaierako lana 2022ko Beldurraren Astean aurkeztuko da.

Film laburra Gipuzkoan filmatuko da, eta San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionek laguntza emango du, bai kokalekuak bilatzeko orduan, bai filmaketa egiteko beharrezkoak diren baimenak eskuratzeko orduan. San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission, Donostia Sustapenak (Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoa) eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak batera duten bulegoa da.

Deialdiaren lehenengo edizioan, kontseilaria Paul Urkijo zuzendaria izan zen, eta proiektu irabazlea ‘Zerua hautsi zen gaua’, María Fontán donostiarrarena. Bigarren deialdi honetan, kontseilari gisa Maider Oleaga zuzendaria ibiliko da.

Hemen dituzu oinarri guztiak: