Gipuzkoako lurralde osoko filmaketei zerbitzua ematen dien baterako bulegoak, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoaren-Donostia Sustapenaren bidez eta Gipuzkoako Aldundiko Kultur Saileko mendeko bulegoak , lurraldeko garapen agentziekin lankidetzan, 63 ikus-entzunezko proiekturi eman zien zerbitzua 2021ean, horietako 56 SSGFCren lankidetzarekin filmatu zirelarik. Ikus-entzunezko proiektu hauei emandako laguntzaren barne, 99 baimen eskaera izapidetu dira eta, horietatik, 88 filmatu egin dira. Filmaketetarako lokalizazioak bilatzen ere laguntzen da eta, kasu horietan, Gipuzkoako Garapen Agentziek funtsezko eginkizuna izaten dute.

Donostiako Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak, Marisol Garmendiak, hau azpimarratu du: “kudeatu diren proiektuen gehiengoa publizitatearekin lotutakoak izan dira, ondoren dokumentalak, telesailak eta film laburrak, musika bideoak eta film luzeak. Argi dago Donostia eta Gipuzkoa osoa geroz eta eszenatoki erakargarriagoa direla honelako ekoizpenak garatzeko eta ikus-entzunezko proiektuei zerbitzua ematen dieten tokiko enpresa ugarik ateratzen dutela onura, honela sinergia garrantzitsua sortuz ekonomiaren eta enpleguaren ikuspuntutik. Berez, ekoizpen hauen guztizko inbertsiotik, 4,2 milioi Donostian gelditu dira, tokiko ekonomian duen garrantzia azpimarratuz”.

Bestalde, Harkaitz Millán Kultura diputatuak esan du “ikus-entzunezkoen ekoizpena bultzada garrantzitsua dela Gipuzkoako ekonomian. Gipuzkoako zuzeneko inbertsioa 6,9 milioi eurotan zenbatetsi da. Donostiako 4,2 milioiekin batera, 2,7 milioi ere iritsi dira lurraldeko gainerako tokietara. Esan daiteke, zuzeneko eta zeharkako inbertsioak batuta, filmaketek 2021ean Gipuzkoan izan duten eragina 11,4 milioi eurokoa izan dela”. Halaber, Millánek azpimarratu du "Aldundiko Kultura Sailak Zinemaldia, Elías Querejeta Zinema Eskola edo Crossover jaialdia laguntzeko apustua egin duela, besteak beste”.

balance21 contenido02

2021ean 52 izan ziren Gipuzkoako lurraldean filmaketaren bat egin zuten ikus-entzunezkoen ekoiztetxeak. Ekoizpenen % 50 Gipuzkoako enpresekin egin ziren, % 41 beste lurralde eta autonomia erkidego batzuetako enpresekin eta % 9 atzerriko enpresekin, azken kasu honetan, Alemaniatik, Frantziatik eta Erresuma Batutik etorritakoak”.

Filmaketa gehienak webgune eta gizarte sareetarako izan ziren (% 36), hurrengoak telebistarako (% 30), zinemarako (% 20) eta streaming plataformetarako (% 9). Ekoizpen gehieneko hilabetea apirila izan zen, 9 filmaketarekin, hileko batez bestekoa 4,7 proiektukoa izanda. Proiektu kopurua ikusita gehienak publizitate proiektuak eta, ondoren, dokumentalak izan arren, aurrekontuaren eta inbertsioaren zati handiena telesail eta film luzeek eraman zuten. Eta aurrekontu eta inbertsio handiena izan zuten proiektuak banatzeko kanala streaming plataformak edo plataforma digitalak izan ziren.

Gipuzkoan filmatu ziren ekoizpenen artean dago Iciar Bollaín zuzendariaren “Maixabel” pelikula, ia erabat Gipuzkoan filmatu zena, Donostian, Tolosan eta Zarautzen, besteak beste. Film luze honek 3 Goya sari, 2 Forqué sari eta 2 Feroz sari jaso ditu. Kursaal Kino elkarteak ekoiztutako “Errebeldeak” film luzearen izapideetan ere laguntza eman da. Gainera, Paul Urkijo zuzendariaren “Irati” film luzea ere Gipuzkoan filmatu zen. Bestalde, aipagarriak dira Alejandro Moreno zuzendariaren eta Raúl Ruano produktorearen “Aquellos días, este tiempo” film laburra eta Leire Apellanizen “Yo lo que tú” film laburra, zenbait emakumeren istorioa kontatzen duena.

balance21 contenido03Telesailei dagokienez, nabarmentzekoa da AtresMediak Gipuzkoa aukeratu zuela “El Internado-Las Cumbres” telesailaren bigarren denboraldirako, Artikutzan, Miramar Jauregian, Lazkanotarren Jauregian edo Uliako ur biltegi zaharretan filmatu zena, besteak beste. Netflixen “Bienvenidos al Edén” telesailak ere Donostiako portuan eta Miramar Jauregian filmaketak egin zituen. Era berean, ETBren “Irabazi arte” telesailak, Javier García de Vicuñak zuzendua, Donostian eta Gipuzkoako beste toki batzuetan filmatu zuen. San Sebastián Gipuzkoa Film Commission erakundeak baimen jakinen izapidetzean lagundu zuen “Nina and the pig” telesail frantsesaren eta “Grito de las mariposas” Espainia-Argentinako telesailaren kasuan. Gipuzkoa aukeratu zuten ere Alejandro Amenábarren “La Fortuna” telesailak, Pasaiako portuko filmaketetarako, eta Amazon Prime plataformaren “Sin Límites” telesailak, Juan Sebastian Elkanoren mundu itzulia kontatzen duenak. Dokumentalen arloan, Gipuzkoan filmatu dira: “Tetuán”, “Spanish Steps” eta “Orbea”. Telebistako programen artean, aipagarriak dira “Masterchef Polonia” programaren hamargarren edizioaren finalerdia eta “Travel Man”. Publizitate iragarkien aldetik, “J&B”, “Lays Gourmet”, “Mercedes AMG” eta “Guía Michelín” markak aipa daitezke.

Filmatutako proiektuen kopurua eta baita inbertsioa ere hazi egin dira 2020. urtearekin alderatuta, eta 2019ko datuetara (urte historikoa) iritsi ez arren, SSGFCk ikus-entzunezko proiektu garrantzitsuen filmaketek bide onetik jarraitzea espero du 2022rako.