Antolatzaileak lehen lanak jasotzen ari dira jadanik, eta sare sozialetako plataformetan ikus daitezke. Ekimenak San Sebastian Gipuzkoa Film Commission erakundearen babesa bildu du dagoeneko. Zinemagintzaren eta kulturgintzaren aldeko zaletasuna sustatzeaz gain, konfinamendu-egun hauetan dibertimendua eta ikaskuntza uztartzeko aukera ematen du.

‘Etxebegiak’ tailerreko parte-hartzaileek IKERTZEk prestatutako material didaktikoa eskuratu dezakete. Horrela, zinemaren aurrendarien lana ezagut dezakete (Lumière anaiak eta Alice Guy), eta ondoren film labur bat sortzen ikasi, hasiera-hasieratik: lehen filmen analisia egitea, ideia garatzea, gidoia prestatzea eta istorioa kontatzeko moduari buruz hausnartzea. Interesdunen eskura jarritako prestakuntza dibertigarriak, gainera, barnean hartzen ditu material teknikoa eta dekoratua prestatzeko orientazioa, eta entseguetan lantzeko zenbait jarraibide. Azkenik, film laburra grabatzeko eta editatzeko modu egokienari buruzko aholkuak ematen zaizkie parte-hartzaileei, bideo-tutorial baten laguntzaz.

Ekimena maiatzaren 1era arte egongo da martxan. Interesdunek www.sadecine.com webguneko Etxebegiak atalean kontsulta dezakete parte hartzeko sistema. Epaimahaiak lau sari banatuko ditu: SADEren bi opari-txartel, 300 eurokoa film labur onenarentzat eta 150 eurokoa Publikoaren sariaren irabazlearentzat; oso sari berezi bat jatorrizko ideiarik onenarentzat, Astoria7 hotelean gau bat emateko aukera irabaziko baitu; eta Donostia Kulturaren opari-txartel bat, 50 euroko balioan, muntaketa onenarentzat. Film labur finalistek pantaila handirako jauzia egingo dute azaroan, ‘Begiradak’ Nazioarteko Zinema Amateurreko Jaialdiaren eskutik; izan ere, han gala eta mahai-inguru batean proiektatuko dira.

‘Etxebegiak” ekimenari hainbat erakundek eman diote babesa dagoeneko: besteak beste, San Sebastian Gipuzkoa Film Commissionek, Gipuzkoako lurralde osoan egindako filmaketei zerbitzu ematen dien baterako bulegoak (Donostiako Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoaren eta Gipuzkoako Aldundiko Kultura Sailaren mendekoa da), lurraldeko garapen-agentzien lankidetzaz, eta lurraldeko beste zenbait erakundek, hala nola Donostia Kulturak, Zineuskadik, Kimuak-ek eta Euskal Herriko Gidoigileen Elkarteak.