Igor Salutregik irabazi du Oihua! sorkuntza ekimenaren bigarren edizioa Azken partida film laburraren proiektuarekin.

Oihua!, Donostia Kulturak, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionek eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak bultzatutako ekimena da. Euskaraz filmatzen den fantasiazko generoa indartzeko helburuarekin sortu da. Deialdia 35 urte arteko sortzaile hasiberrientzat egin da. Irabazleak Maider Oleaga zuzendariaren aholkularitza izango du lan prozesuan zehar. Gainera erakundeek 7.000 bat euro jarriko dituzte ekoizpenerako, hau da, film laburra egin ahal izateko. Zentzu horretan, Larrotxene Bideoren tutoretzapean eta elkarlanean ekoiztuko da gidoia. Film laburraren filmaketa osoa Gipuzkoako Lurralde Historikoan egingo da.

Bigarren edizio honetan 13 egilek sortutako 14 gidoi jaso dira. Lanen jatorriari dagokionez, aurtengo edizioan 6 gidoi jaso dira Gipuzkoatik, beste 6 Bizkaitik, eta 2 Arabatik. Aurkeztutako gidoi guztien kalitate eta izaera profesionala nabarmendu ditu epaimahaiak.

Epaimahaikideak Maider Oleaga zinegilea, eta erakunde antolatzaileetako ordezkariak izan dira: Marta Zabaleta (San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission), Unai Guerra eta Jon Sánchez (Larrotxene Bideo), Josemi Beltrán (Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea) eta Alex Aisa (Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua). Azken partida aukeratzeko hainbat irizpide erabili dira: sormena eta kalitate artistikoa, ekoizpenaren bideragarritasuna, kokalekuen aniztasuna eta euskararen maila.

Epaimahaiak lan irabazlearen alderdi onak nabarmendu ditu “istorioak emozionatzeko duen berezko gaitasuna, sentsibilitatea, umorea, drama soziala eta genero fantastikoa uztartu ditu, errealismo magikoa eta gizakiaren oinarrizko-beldurrak landuz”.

Igor Salutregi Gernikan jaioa da. Ikus-Entzunezko Komunikazioan lizentziatua da, eta kazetari eta gidoilari lanak egin ditu ETBn, “EITB Kultura”, “Baserria”, “Ene kantak” edo “3Txulo” saioetan besteak beste.

SARIA

Aukeratutako proiektua honako ekarpen hauekin sarituko ditu erakundeak:

  • Gidoiko profesional batek azken idazketa-prozesuan aholkularitza ematea.
  • Filmaketaren preprodukzioko eta antolamenduko prozesuan zehar laguntzea.
  • Maider Oleaga errealizadorearen aholkularitza teknikoa eta zuzendaritzaren arlokoa.
  • Larrotxene Bideo komunitatetik datorren film laburra grabatzeko eta postproduzitzeko, ikus-entzunezko ikasle eta profesionalez osatutako talde teknikoa.
  • Larrotxene Bideotik datorren film laburra egiteko eta editatzeko beharrezkoak diren makineria eta materialak.
  • Larrotxene Bideok kudeatutako produkzio-gastuen poltsa.
  • San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission-en laguntza eta aholkularitza aurreprodukzio- eta produkzio-fasean: kokalekuak bilatzeko eta filmaketa egiteko beharrezkoak diren baimenak lortzeko lankidetza.

Film laburra Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko 2022ko programazioan txertatuko da. Hautatutako pertsona filmaren kredituetan agertuko da, eta bertan duen papera egiaztatuko da. Aukeratutako ideiak 300 €-ko ordainsaria jasoko du gidoia sinatu duen pertsonarentzako egile-eskubideen kontzeptupean.

Film laburrak Larrotxene Bideoren ekoizpen baten tratamendua izango du, zinemaldietan izena emateko garaian eta jaso ditzakeen sariei dagokienez.