Zuzendariak, Maria Fontan sortzaileak, sorkuntzako Oihua! ekimena irabazi zuen, Donostia Kulturak, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionek (Donostiako Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren menpe dagoen bulegoa) eta Gazteak sustatu dute, euskaraz grabatzen diren fantasiazko lanak bultzatze aldera. Deialdia 35 urte bitarteko zuzendari berrientzat sortu zen.
Aurreikusita zegoen bezala, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean estreinatu da Zerua hautsi zen gaua, Donostiako Maria Fontanek egin duen film laburra, Oihua! ekimena irabazi ondoren. Lan prozesuan zehar, Paul Urkijo zuzendariak lagundu zion, eta film laburra erakundeek jarritako 7.000 euroko aurrekontua baliatuz grabatu zuen. Gidoia Larrotxene Bideoren babespean eta harekin lankidetzan prestatu zen. San Sebastian -Gipuzkoa Film Commissionek, berriz, kokapenak bilatzen eta grabatzeko baimenak lortzen lagundu zuen. Gidoia hamabi minutuko film laburrean mamitu da, eta euskaraz aritu dira antzezleak: Amaia Ruiz de Galarreta, Mikel Ibarguren, Teresa Calo, Martxelo Rubio, eta Ekain Telletxea.
Epaimahaia Paul Urkijo zinemagileak eta erakunde antolatzaileetako ordezkari hauek osatu zuten: Lorea Hernandez (Donostia-Gipuzkoa Film Commission), Unai Guerra (Larrotxene Bideo), Josemi Beltran (Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea), eta Arkaitz Basterra (gidoilaria, Gazteako ordezkaria). Zerua hautsi zen gaua hautatzeko irizpideak hauek izan ziren: proposamenaren sormena eta kalitate artistikoa, ekoizpenari begira bideragarria izatea, kokapenak Gipuzkoan egotea, eta euskararen erabilera.
Proiektuaren harira, epaimahaiak azpimarratu zuen “istorioak egitura oparoa duela, euskal mitologia eta egungo mundua nahasten direla, elkarrizketen eta irudian bidez atmosfera erakargarriak sortzeko gauza dela, eta zinegilearen kontzeptu bisuala nolakoa den”.
Maria Fontan Donostiakoa da, Ikus-entzunezkoen gradua egin zuen, eta TAI zentroan ikasitakoa da. Haren hitzetan, gidoia “nire maitasun gutuna da, nire munstroari eta nire lurraldeari zuzendua”.