Igor Salutregi zinemagilearen film labur honek irabazi zuen Oihua! ekimenaren bigarren edizioaren gidoi onenaren saria. 2019an jaio zen ekimen honen helburua da 35 urtera arteko sortzaile berrien artean euskaraz egindako fantasiazko generoa sustatzea.
Ekimena Donostia Kulturak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission erakundeek (Donostia Sustapenak sortua eta Donostiako Udalaren Ekonomia Garapen Zinegotzitzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailaren mendekoa den bulegoa) antolatzen dute.
Azken partidan, Ekhi, 10 urteko mutiko bat, futbolean aritzera ateratzen da bere lagunekin, egunero bezala. Baina ez da edozelako eguna. Neskatila misteriotsu batek bere bizitza betiko aldatuko duen bide ezezagun batetik eramango du.
Azken partida film laburraren gidoia Oihua! ekimenaren bigarren edizioaren irabazle hautatzeko orduan, epaimahaiak honako hau goraipatu zuen: “istorioak duen hunkitzeko berezko gaitasuna, sentsibilitatea, humorea, drama soziala eta fantasiazko generoa uztartuta, eta errealismo magikoa eta gizakion oinarrizko beldurrak landuta”..
San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission bulegoak bere osotasunean Donostian egin zen filmaziorako behar ziren baimenen kudeaketan eta izapidetzean lagundu zuen, izan ere, ekimen honen baldintzetako bat filmazioa Gipuzkoan egitea da. Kasu honetan, zehazki, Egia, Intxaurrondo (Ametzagaina parkea) eta Altzako auzoetan filmatu zen.
Pasa den otsailetik 30 pertsona baino gehiago aritu dira film laburrean lanean, profesionalen eta ikus-entzunezko esparruko ikasleen artean. Aktore protagonistak haurrak izan dira, beraz, oso giro berezia sortu da familiekin eta casting lanak, entseguak eta grabaketak aisialdirako momentuekin koordinatu behar izan dira.
Maider Oleaga zinema zuzendariak bere aholkularitza eskaini du prozesu osoan zehar eta erakunde parte hartzaileek 12.000 euro inguruko aurrekontua jarri dute.
9 minutuko film laburra Irati (2022) pelikularen aurretik proiektatu zen, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33. Astea inauguratu zuen filma, alegia. Paul Urkijo zuzendari eta Itziar Ituño eta Eneko Sagardoy protagonista izan dituen “Irati” pelikula 2021. urtean zehar filmatu zen zenbait tokitan, besteak beste, Oñatiko Arrikrutz kobetan.