Epaimahaia Fernando Guillén Cuervo aktoreak, Cristina Iglesias eskultoreak, Yolanda Flores kazetariak, Nerea Barros aktoreak eta Ouka Lele argazkilariak osatuko dute, eta saria bost pelikula finalistetako bati emango dio datorren irailaren 27an, Donostiako Zinemaldiaren astean, filmatutako lekuko balioak ondoen islatzen dituen film luzeari. Saria 7.000 eurokoa izango da pelikularen ekoizlearentzat eta 3.000 eurokoa Film Commission kolaboratzailearentzat. 

San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionek izen bera daraman sariaren bederatzigarren edizioa beteko du aurten, eszenatoki bihurtzen diren lurraldeetan filmaketekin enplegua eta negozioa sortzen eta lurralde horien irudiaren oihartzuna lortzen duten produkzio-etxeen eta Espainiako Film Commissioneen lana saritzearren.

Bestalde, Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Ernesto Gascok honako hau adierazi du: Ekonomia Bultzatzeko Ernesto Gasco zinegotziak ondorengoa adierazi du: “jada bederatzigarren ediziora iritsi gara Donostian ematen dugun sari berezi eta paregabea sustatuaz; beraz, beste behin, abian jarri dugu San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission Saria, filmatutako lekuko balio kultural eta sozialak agertzen dituzten film luzeak saritzeko, horrekin kokapenaren inguruneari balioa ematen baitiogu”.

Kulturako Diputatua den Denis Itxasok ondorengoa adierazi du: “Film Commission-en egitekoa funtsezkoa da industria sortzeko eta lurralde ezberdinak eta haietako ondare eta turismo baliabideak posizionatzeko. Profesionalen lana izugarri errazten dute, kanpoko zein barneko eszenatokiak modu eraginkorrean detektatu ahal izateko tresnen eta bide publikoa okupatzeko baimenak eta bestelako administrazio-izapideak kudeatzeko sistema bizkorren bitartez. Gipuzkoan, esate baterako, adibide garbiak ditugu: Juego de Tronos, Handia edo Woody Allenen azken pelikula, Aldundiaren, Donostiako Udalaren eta eskualde ezberdinen arteko lankidetzaren ondorioz. Horrek guztiak onura dakar hiriarentzat nahiz lurralde osoarentzat".

Pasa den maiatzean, parte hartzeko deia egin zen; guztira 19 pelikula hautagai jaso dira, eta horietatik San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission Sarirako bost pelikula hautatu dira. Sarian, lehian izango dira honako film hauek:

‘O que arde’ / Zuzendaria: Oliver Laxe. Asturias Paraíso Natural Film Commission. Amador Coro atxilotu dute sute bat eragiteagatik. Kartzelatik ateratzen denean ez dauka inor zain. Jaioterriko hirira itzultzen da, Galiziako mendietan ezkutatutako herri txiki bat, amarekin bizitzera. Gau batean sute batek eskualdea suntsitzen duen arte.  

‘La Virgen de agosto’ / Zuzendaria: Jonás Trueba. Ciudad de Madrid Film Office. Evak laster 33 urte beteko ditu eta abuztuan Madrilen geratzeko erabakia fede-aitor bilakatu du. Egunak eta gauak aukeretarako garaitzat aurkezten dira, eta udako berbenak antolatzen diren bitartean, Evak laguntzen saiatzen den beste batzuekin topo egiten du, jakin gabe, benetan egiten ari dena bere buruari laguntzea dela.

‘El increíble finde menguante’ / Zuzendaria: Joxe Mikel Caballero. Navarra Film Commission. Alba lasai bizi da. Gaztea da eta 30 urterekin bizitza osoa dauka aurretik. Edo hori uste du. Lagunek eta mutilagunak, ez dute berdin pentsatzen: Alba nerabetasun berantiarrean harrapatuta dago, gurasoen etxean bizi da inolako helburu edo etorkizunerako planik gabe, ‘asteburua’ parrandan ematea soilik. 

‘La vida sense la Sara Amat’ / Zuzendaria: Laura Jou. Catalunya Film Commission. Katalunia barneko herria, 80eko hamarkada hasiera. Uda. Pep (13 urte) lagun-taldeko neska batekin zeharo maiteminduta dago, Sara. Hura gau batean desagertu egiten da arrastorik utzi gabe. 

‘La trinchera infinita’ / Zuzendariak: Joxe Mari Goenaga, Jon Garaño eta Aitor Arregi. San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission eta Andalucía Film Commission... Higinio eta Rosa duela gutxi ezkondu dira Guda Zibila pizten denean eta gizonaren bizitza arriskuan jartzen da. Emaztearen laguntzarekin etxean bertan egindako zulo bat erabiltzea erabakiko du behin-behineko ezkutaleku gisa. Bertan 30 urte baino gehiago emango ditu ezkutatuta.

Edizio honetarako, ikuspuntu eta ikuspegi ezberdinak biltzen dituzten adituen epaimahai gailena osatu da beste behin. Besteak beste, honako hauek izango dira: Fernando Guillén Cuervo eta Nerea Barros aktoreak, Cristina Iglesias eskultorea, Ouka Lele argazkilaria eta zineman aditua den Yolanda Flores kazetaria. 

Pelikula filmatua izan den lekuko balio urbanistikoak, naturalak, kulturalak edo sozialak ondoen islatzen dituen filmaren produkzio-etxearentzat 7.000 € saria banatuko da eta Film Commission Kolaboratzailearentzat 3.000 €-koa. Sarira fikziozko film luzeen proposamenak aurkeztu dituzte lurralde nazionalean produkzioen edo koprodukzioen zati bat garatu duten produkzio-etxe nazionalek, estatuko Film Commission batek egiaztatutako lankidetza izanda. 

Saria, aurten, irailaren 27an entregatuko da, Nazioarteko Zinemaldian zehar, Maria Kristina Hotelean burutuko den ekitaldian; bertan izango dira epaimahaiko kideak pelikula irabazlearen berri emateko, eta film irabazlearen eta Film Commission kolaboratzailearen ordezkariak ere bai. Aurten, bederatzigarren edizioa izango du sariak, eta horren helburua da eszenatoki bihurtzen diren lurraldeetan filmaketekin negozio- eta enplegu-aukerak sortzen dituzten ikus-entzunezko produkzio-etxeen lana saritzea. Jarduera Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak, Donostiako Sutapenaren bidez, Gipuzkoako Aldundiko Kultura Departamentuarekin batera, hiriko eta Gipuzkoako lurraldeko motore ekonomiko gisa ikus-entzunezkoen industria sustatzeko erabiltzen duen estrategiaren barnean kokatzen da. 

Iaz, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission Saria ‘La vida lliure’ pelikularentzat izan zen, Marc Recha zuzendariarena, Menorcan filmatua Illes Balears Film Commissionen lankidetzarekin.

 

EPAIMAHIAKO KIDEAK

Nerea Barros.

Errebelazio Aktore Onenaren 2015eko Goyaren irabazlea da Alberto Rodriguezen ‘La isla mínima’ pelikula medio. Nerea Barros Galizian jaio zen, eta hamasei urterekin debuta egin zuen zineman Xabier Bermudezen ‘Nena’ pelikulan; gainera, harekin egin zuen berriro lan 2004an ‘León y Olvido’ filmean, 2008an ‘Rafael’ zintan eta 2013an ‘O ourodo tempo’ pelikulan. Ondoren, Anxos Fazáns-en ‘La estación violenta’ edo José Enrique Pintorren ‘Sol y luna’ filmak etorri ziren. Galiziarrak honako hauek bezalako fikzio askotan hartu du parte: ‘Matalobos’, ‘El tiempo entre costuras’, ‘El Príncipe’, ‘Días de Navidad’,… Gaur egun, Paula Cons-en ‘El Santa Isabel’ film luzea estreinatzear aurkitzen da..

Yolanda Flores.

Kazetaria da. Ibilbide profesionalari hasiera SER katean eman zion, eta handik RNEra igaro eta hainbat programa zuzendu eta aurkeztu ditu. Irratian lan egiten zuen bitartean, TVEn eta Tele 5n ere lan egin du. 1998az geroztik ‘De película’ zuzentzen eta aurkezten du; hau da, irrati publikoan programa aitzindaria, gaurkotasun zinematografikoaz aritzen dena. Ondorioz, 2012an Urrezko Mikrofonoa saria eskuratu zuen. Epaimahaikide izan da hainbat zinemalditan eta tartean Donostiakoan, ‘Beste begirada bat’ atalean, eta Malagako Espainiako Zinema Jaialdian. 2015. urtean, Alfonso Sanchez Komunikazio Saria jaso zuen, Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak ematen duena. ‘De película’ programak, berriz, Idazle zinematografikoen Zirkuluaren Domina eta AISGE Elkarteak ematen duen Haz Tu Acción Saria jaso ditu.

Fernando Guillén Cuervo.

Aktorea, ekoizlea, gidoilaria,… Fernando Guillén Cuervo haurtzarotik ikus-entzunezko eta eszena munduarekin harremanetan jarri zuen aktore-familia gailen batekoa da. William Layton edo Cristina Rota bezalako eskola ospetsuetan jaso du prestakuntza. Espainiako 70 produkzio baino gehiagotan, 40 film luze baino gehiagotan eta Telebistan azken urteetan arrakasta izandako serie ugaritan lan egin du. Proiektu horietako askotan, Alex de la Iglesia, Pedro Almodóvar edo Eloy de la Iglesia bezalako zuzendari espainiar handien agindupean aritu da. Halaber, nazioartean karrera garatu du 007 saga mitikoan parte hartu baitu ‘Quamtum of Solace’ zintan Daniel Craig-ekin batera, edota Ridley Scott-en ‘1494. Conquest of paradise’ zintan. Gaur egun, TVEko ‘Servir y proteger’ serieko aktorea da, eta ‘La línea: el último tiro’ film luzean lanean ari da, egun prestatzen, Luis Miguel Seguírekin zuzendaritza-lanak egingo baititu.

Cristina Iglesias.

Cristina Iglesias Donostian jaio zen 1956. urteko azaroan. Eskultura eta Zeramika ikasi zituen Chelsea School of Art eskolan. 1988. urtean, Fullbrigtn beka eman zioten New Yorken ikasteko. 1995. urtean, eskulturako irakasle izendatu zuten Municheko Akademie der Bildenden Künste akademian. Hainbat sari jaso ditu, eta tartean aipatzekoa da Arte Plastikoen Sari Nazionala 1999an. 2012an, Grosse Kunstpreis Berlin irabazi zuen. Banako eta taldeko erakusketak egin ditu mundu osoko museoetan, eta nazioarteko biurteko garrantzitsuenetan parte hartu du (Venezia, Sidney, Taipei, e.a.). Obra publikoen artean, ondorengoak nabarmendu behar dira: Habitación de Laurel, Moskenes Lofoten Irletan; Cúpulas KatonNatie, Anberes; Passatge de coure, Bartzelonako C.C.I.B; Deep Fountain Leopold de Wael Platz, Anberes; Portón-Pasaje del Museo del Prado, Madril; eta Estancias Sumergidas, Mar de Cortés, Mexiko; Tres Aguas, Toledo; Desde lo subterráneo, Arte Botin Zentroa, Santander. Haren obra honako hauek bezalako bilduma garrantzitsuetan aurkitzen da: Sofia Erregina Museoa (Madril), Centre Georges Pompidou (Paris), Tate Modern (Londres), Serralvesko Museoa (Oporto), Moca (Los Angeles), Hirshorn Museum (Washington), Guggenheim Museoa (Bilbo), MACBA (Bartzelona), Musée de Grenoble eta bestelakoak. 2016an, Urrezko Danborra jaso zuen, jaioterriko bereizgarri nagusiena.

Ouka Lele.

Madrilen jaio zen 1957ko ekainean. 1976. urtean, Photocentron sartu zen, joera artistikoen haziak sortzen hasi ziren argazki-eskolan. Lehen argazkiak Diorama Ediciones liburuan sartu ziren: “Principio, 9 jóvenes fotógrafos españoles”. Margotzeko sentitzen zuen beharrak pintura eta argazkigintza batzera bultzatuko du, haren obra bereizten duen hizkuntza oso pertsonala eta nahastezina garatuaz. Madrilgo La Movida mugimenduan funtsezko irudia da; Bartzelonan, New Yorken, Mexikon eta Parisen ere bizitu izan da eta lan egin du. Haren curriculumean mundu osoko museoetan eta galerietan zehar egindako erakusketa mordoa nabarmentzen dira, baita jasotako sari ospetsuak ere; hala nola, Bibliofiliako Lehen Sari Nazionala (2003), Argazkigintzako Sari Nazionala (2005), Ohorezko Domina El Cairoko Nazioarteko XI. Biurtekoan, Isabel Ferrer Saria (2010) edo Madrilgo Komunitateko Zilarrezko Domina 2012. urtean. Jarduera frenetikoak eta diziplina anitzekoak argazkigintza pinturarekin, eszenografiarekin, zinemarekin eta poesiarekin konbinatzera bultzatu du. 2014. urtetik 2017. urtera bitarte, epaimahaikide izan da Asturiasko Printzea Sariaren Arteen arloan.