Estatuko ekoizpenik onenari ematen zaion sari hau deialdi irekikoa da eta 7.000 €-ko saria eta Film Commission kolaboratzailearentzat aipamena eskaintzen ditu. Sarirako hautagaitzak onartzeko epea ekainaren 30era arte egongo da zabalik. Beren filmaketekin eszenatoki bihurtzen dituzten hirietan enplegu eta negozio aukerak sorrarazten dituzten ikus-entzunezko ekoiztetxeen lana saritzea du helburu sari honek, eta 2023ko irailaren 27an banatuko da.

Sarirako proposamenak, honako baldintza hauek betetzen dituzten ekoiztetxeek aurkeztu ahal izango dituzte:

  • 2022ko ekainaren 30a baino beranduago ekoiztuak izan diren film luzeak (60 minutu baino gehiagoko iraupena dutenak).
  • Euren ekoizpen edo koprodukzioetako zati batzuk lurralde nazionalean garatu dituzten ekoizle nazionalak izatea.
  • Estatuko Film Commission baten kolaborazioa egiaztatua izatea.

Filmatzen den lekuan hiri-, paisaia-, kultura- eta gizarte-balioak hobekien islatzen dituen film luzea sarituko da. Sarirako aurkeztutako film luzearen filmazioan iraunkortasuna sustatzeko neurriak ezarri izana ere baloratuko da.

Gainera, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission-ek, irailaren 27an bertan, aipamen berezia emango dio 2022an Gipuzkoan fikziozko film luze bat, film labur bat edota telesail bat filmatu duen eta San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission-en lankidetza izan duen ikus-entzunezko ekoiztetxe bati. Saria 3.000 eurokoa izango da.

San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission Donostia Sustapena-Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren mendean dagoen bulego bateratua da, eta Gipuzkoako Garapen Agentzien kolaborazioa du.