• Horrek % 22ko igoera ekarri du, 2021arekin alderatuta. 68 proiektu "Film Commision"-ekin lankidetzan filmatu ziren (56, 2021. urtean). Horietatik 5, film luzeak izan ziren; eta beste 5, estatuan eta nazioartean banatutako telesailak.
  • Gure bulegoak proiektu horiei eman zien laguntza 145 baimen eskaera (99, 2021ean) izapidetuz gauzatu zen, eta proiektu horietako 134 (88, 2021. urtean) burutu ziren azkenean.
  • Gipuzkoan aitortutako inbertsioa 13,1 milioi eurokoa izan zen, 2021ean baino % 90 gehiago; eta proiektuen gutxi gorabeherako aurrekontua, guztira, 79,2 milioi eurokoa izan zen.

San Sebastian Gipuzkoa Film Commission-ek gure lurraldean gauzatu dituen ikus-entzunezko proiektuen kopuruak gora egin du 2022an, dagokion ondorio ekonomikoekin: Gipuzkoan egindako inbertsioa 13 milioi eurokoa izan da eta. 81 proiektu kudeatu dira, aurreko urtean baino % 22 gehiago; hala ere, aurkeztutako eta izapidetutako eskabideak 145 izan ziren, eta azkenean gauzatu zirenak 134 izan ziren.

Ekonomiaren Garapeneko zinegotzigoaren mendeko bulego bateratuak Donostia Sustapenaren eta Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren bitartez emandako zerbitzuari esker, inpaktu ekonomiko berri bat sortu ahal izan da gure lurraldean.

Marisol Garmendia Donostiako Garapen Ekonomikoko zinegotziak nabarmendu duenez, "Donostia eta Gipuzkoa oraindik ere plato erraldoi eta benetan erakargarria dira ikus-entzunezko proiektu mota guztietarako. Eta erakarpen horrek ondorio oso positiboak ditu ekonomian, enpleguan eta proiektu horiei zerbitzu ematen dieten sektoreko enpresa lokaletan. Areago, inbertsioan aitortu ziren 13 milioi eurotik 5,4 milioi euro Donostiari egokitu zitzaizkion, 2021ean baino % 28 gehiago.

Bestalde, Gipuzkoak filmaketa-espazioak sorrarazteko duen ondarea nabarmendu Maria Jose Telleria kultur diputatuak. "Sektore honetako langile guztien profesionaltasuna nazioartean onar dadin lanean jarraituko dugu, beraiek baitira proiektuen arrakasta eta lurraldeak eskain ditzakeen eszenatokien aniztasuna bermatzen dutenak. Ekoizpenari ematen zaizkion pizgarri fiskalak hobetu nahian Aldundiak egin duen ahaleginari esker, ziur gaude zenbaki horiek hobera egingo dutela datorren urtean".

Zenbateko horiek ez daude sartuta Balenciaga telesailari buruzko datuen barruan, horren filmaketarik gehiena Gipuzkoan egin baitzuten. Aitortutako inbertsio horretaz gain, ikus-entzunezko produkzioek zeharkako beste inpaktu ekonomiko batzuk sortzen dituzte, filmatzen deneko lurraldean eragina ere badutenak.

TELESAILAK, FILM LUZEAK, IRAGARKIAK, DOKUMENTALAK.

Proiektu gehien hasitako hilabetea ekaina izan zen: 12. Ekaina eta iraila bitartean, Gipuzkoan, honako filmaketa hauek egin ziren: "Balenciaga" eta "Las Pelotaris" telesailak, eta, Victor Iriarteren "Sobre todo de noche" eta Silvia Munten "Las Buenas Compañías" film luzeak. Eta une jakin batean edo bestean, 4 produkzioak aldi berean filmatzen aritu ziren.

Gainera, urtarrilean, azpimarratzekoa da Estatu Batuetako superprodukzio baten astebeteko filmaketa, "Vampire Academy" izenekoa, hala nola "El Internado de las Cumbres", bere hirugarren eta azken denboraldia filmatu baitzituen jarraian.

Alberto Gastesi zuzendari donostiarrak Donostian filmatu zuen bere lehen film luzea, "Gelditasuna Ekaitzean-La quietud en la tormenta", eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko Euskal Zinemaren Galan estreinatu zen.

“Kia”, “Citröen” eta “BMW” automobil marken publizitate iragarkiek ere Gipuzkoa izan zuten eszenatoki. "Euskaltel"ek eta "Eroski"k ere Gipuzkoan filmatu zituzten beren iragarkiak, eta "Marriot" hotel kateak ere promozio bideo bat egin zuen Donostian.

Iban Gonzalezek zuzendutako "Elbira" dokumentala eta "En Busca del Sol" (Movistar+) dokumental saila ere Donostian eta Gipuzkoako hainbat udalerritan filmatu ziren.

Galesko Rondo Media kateak filmaketa batzuk egin zituen Gipuzkoan, Galesko hizkuntzari buruzko "Story of the Language" dokumentalerako; izan ere, ataletako batean euskararen kasua aztertu baitzuten. "Caminos de Santiago: entre el cielo y la tierra" dokumentalak "El Camino del Norte" grabatu zuen bere zazpi ataletako baterako; eta irudietako batzuk 4 K formatuan filmatu ziren helikopteroz, dronez eta kamerez.

Abuztuan, Targaryen familiaren armarria birsortu zuten Kontxako hondartzan; horrek "La Casa del Dragón" telesailaren (‘Game of Thrones’ prekuelaren) mundu osoko estreinaldia sustatzeko balio izan zuen, hilabete horretan bertan estreinatu baitzen mundu osoan HBO Max streaming plataforman.