(‘Ilargi guztiak. Todas las lunas’ pelikularen filmaketa)
Covid-19aren ondoriozko ia hiru hilabeteko geldialdiaren ondoren, pelikula eta publizitate iragarkien filmaketak pixkanaka itzultzen ari dira normaltasunera, Gipuzkoan burutzen diren filmaketa guztiei zerbitzua ematen dien San Sebastian- Gipuzkoa Film Comission bulego teknikoaren laguntzarekin. Pelikula batek, ‘Ilargi guztiak’, jada lortu du filmaketa amaitzea eta beste proiektu batzuek, hala nola ‘El internado: las cumbres’ telesailak, grabaketei berrekin diete Gipuzkoako hainbat kokalekutan, betiere filmaketetara egokitutako prebentzio eta higiene neurriak barne dituen Ministerio Aginduan ezarritako segurtasun neurriak zorrozki errespetatuta.
Foru Aldundiko Kultura Departamentuko diputatuak, Harkaitz Millanek, honakoa adierazi zuen: “oso berri ona da filmaketak Gipuzkoara itzultzea hainbat hilabeteko etenaldiaren ondoren. Sektorea berpiztea da helburu nagusietako bat. Gainera, gure lurraldea zinema plato paregabea da, kostaldea eta barnealdea konbinatzen dituena, ondare naturala, kulturala eta industriala, hiri espazio izugarri ederrak eta, batez ere, edonolako proiekturen beharrei erantzuteko prest dagoen giza kapital oso kualifikatua”.
Sustapen Ekonomikorako zinegotziak, Enrique Ramosek, esan zuen: “sektorea berriro abian jartzea, normaltasun berri deritzoten hori berrestea, garrantzitsua da geroz eta sarriago erabiltzen baita Donostia eta Gipuzkoa osoa ikus entzunezko produkzioetarako plato gisa, eta bultzada hori aprobetxatu behar dugu. Enpresa askok, gehienak bertakoak, onura ateratzen diote produkzio hauei, turismoaren aldetik dakarten erakargarritasunarekin batera. Egia da hilabete batzuk galdu ditugula pandemia dela eta, baina argi dugu sustatu eta sostengatu beharreko industria dela, gure hiriari eta lurralde osoari abantaila garrantzitsuak ekartzen baitizkio. Datu gisa aipa daiteke, pasa den urtean, produkzio hauek 10 milioi euroko inpaktu ekonomikoa sortu zutela Gipuzkoan”.
Joan den martxoaren 13an ezarri zen alarma egoeraren ondoriozko lan jarduera ororen etenaldiarekin, San Sebastian- Gipuzkoa Film Comission-aren laguntza jasotzen duten ikus entzunezko proiektu guztiak bertan behera utzi ziren Gipuzkoan. Konfinamenduan zehar, SSGIFilmCommission beste eragile instituzional batzuekin eta sektore pribatuarekin (ikus entzunezko produktoreen hainbat elkarte) koordinatu da ikus entzunezko filmaketei eta Film Commission delakoen lanari berrekiteko osasun segurtasun protokoloak prestatzeko. Horrez gain, deskonfinamendu garaian, filmaketen itzulerari buruzko informazio eskaerei eta filmaketei berrekiteko aplikatu beharreko protokoloei buruzko kontsultei erantzun zieten.
Alarma egoeran zehar, San Sebastian-Film Commission-ek ikus entzunezko sektorearekin lankidetzan jarraitu du, intereseko gaiei buruzko online saioak antolatuta, esaterako, pasa den ekainaren 26an IBAIA produktore elkartearekin burutu zena, ikus entzunezko produkzioen zerga aldaketen ingurukoa.
San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission-etik jada abian jarri dituzte jarduerari berrekingo dioten produkzioei zein proiektuak orain hasten ari diren eta egoera berrira egokitu behar duten produkzio berriei arreta emateko tresna guztiak. Berriz ere martxan jarri eta amaitu den lehen filmaketa “Ilargi Guztiak. Todas las lunas” pelikularena izan da. Honela, Igor Legarretaren bigarren film luze hau izan da berrogeialdiaren ondoren estatu osoan amaitu den lehena. Filmaketa Mutrikuko udalerrian (Gipuzkoa) hasi zen otsailaren 17an eta lau astetan zehar abian iraun zuen pasa den martxoaren 13ko alarma egoeraren ondoriozko etenaldira arte. Ekainaren 1ean berrekin zioten eta beste hiru astetan zehar luzatu da, ekainaren 20ra arte. Denbora horretan zehar, filmaketa eremurako sarbidea produkziorako ezinbestekoak ziren pertsonetara mugatuta egon da, momentu oro segurtasun protokoloak mantenduta. Etenaldiaren aurretiko lau filmaketa asteetan zehar, figurazio eta produkzioaren aldetiko zailtasun handiena zuten eszenak grabatu ziren.
Honela amaitu egin da Igor Legarreta (“Cuando dejes de quererme”, 2017) euskal zinemagilearen bigarren film luzea, erabat euskaraz eta Gipuzkoako Mutriku, Gaintza eta Zuzurkiko udalerrietan –beste euskal udalerri batzuen artean– filmatu den fantasiaren generoko kontakizun hau. San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission-ak produkzio honetan lagundu du espazioak bilatzeko eta filmaketarako baimenak izapidetzeko orduan.
Berraktibatu egin den beste filmaketa bat izan da Globomedia eta AtresMedia Studios-ek produzitzen duten eta Amazon Prime-en eskainiko den ‘El Internado: las Cumbres’ telesailarena. Filmaketa martxoaren hasieran jarri zen abian, ekainaren amaieran ekin diote berriro eta abuztuaren amaierara arte luzatuko da Gipuzkoako hainbat udalerritan, besteak beste Donostian. Gainera, SSGIFilmComission Gipuzkoan filmatzea aurreikusi duen pelikula estatubatuar baten, dokumental baten, telebista programa baten eta publizitate iragarki baten filmaketa beharretarako arreta eskaintzen ari da.
Filmaketen itzulerarekin berriro ekin zaio iaz, Gipuzkoan, Woody Allen zuzendari estatubatuarraren pelikulari eta San Sebastian-Gipuzkoa Film Comission-aren laguntza izan zuten ‘Patria’ (HBO) eta ‘La línea invisible’ (Movistar) telesailei esker historikoa izan zen jarduera honi.Historikoa izan zen proiektuen tamaina eta kalitateari dagokienez eta proiektuek izandako eragin ekonomikoari dagokionez ere. Guztira, lurraldean filmatu ziren proiektuek gutxi gorabeherako 35 milioiko aurrekontua izan zuten.
Datu ekonomiko hauei erantsi behar zaie Woody Allen-en moduko nazioarteko ibilbidea duen zuzendari baten pelikulak hiriaren eta lurraldearen irudirako izan dezakeen oihartzuna. Filma aurtengo Donostiako Nazioarteko Zinemaldian estreinatzea aurreikusi da.
San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission-arekin lankidetzan filmatutako beste produkzio handi bat ere aurten estreinatzekoa zen, Fernando Arambururen best seller liburuaren moldaketa den ‘Patria’ telesaila, hain zuen, estreinaldia maiatzaren 17rako aurreikusia zuena. Dena den, koronabirusaren krisiaren ondorioz, HBO kateak estreinaldia atzeratu behar izan zuen eta datorren irailaren 27an izango da azkenean.
2019an SSGIFilm Comission-arekin lankidetzan filmatutako ikus entzunezko lanen zerrendan beste pelikula garrantzitsu batzuk ere badaude, hala nola ‘Ventajas de viajar en tren’ filma, edo nazioarteko entzutea duten iragarkiak, esaterako, Zara markak Igeldo Mendiko Jolas Parkean filmatu zuena. SSGIFilm Comission bulegoa, Sustapen Ekonomikorako Zinegotzigo-Donostia Sustapenaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren mendekoa dena, zerbitzua ematen die Gipuzkoako lurralde osoan burutzen diren filmaketei, lurraldeko garapen agentziekin lankidetzan.