Masterchef Polska programa, Polonian dagoeneko hamar edizio daramatzana, Donostiara iritsi da hasi berri den denboraldiko finalerdia grabatzera, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission-arekin lankidetzan. Aukeratu duten eszenatokia Miramar Jauregia izan da eta haraino bertaratu dira Polonian TVN kateak eskaintzen duen programako lehiakideak eta epaileak. Parte hartzaileek euren sukaldaritza proposamenak aurkeztu dituzte Jauregiko terrazetan, atzealdean Kontxako badiaren ikuspegi paregabea zutela.
Grabaketaren hasieran, Ekonomia Bultzatzeko zinegotzia, Marisol Garmendia, agertu egin da lehiakideei zorte ona opatzeko eta taldeari ongietorri ofiziala emateko. Garmendiak adierazi du “besoak zabalik ditugula honelako ekoizpenei harrera emateko, tokiko ikus-entzunezko enpresentzat lan bolumen handia dakartelako. Masterchef Poloniak Donostia aukeratu du nazioarteko mailan puntako gastronomia duelako, beraz, programaren ikusleei helarazten zaien Donostiako irudiak gastronomiaren zaletuentzako helmuga turistiko moduan indartuko gaitu”.
Azken urteotan, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission-ari esker, areagotu egin dira Gipuzkoako hiriburua eszenatoki gisa aukeratu duten ikus-entzunezkoen ekoizpen garrantzitsuak, bai pelikulen artean (Woody Allen zuzendariaren ‘Rifkin’s Festival’), serieen artean (‘El Internado’, Movistar) edo publizitatearen esparruan ere (J&Bren iragarkia). San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission-ak, ekoizpenak lurraldera erakartzeko lan egiteaz gain, zerbitzuak eskaintzen dizkie Gipuzkoan grabatzea erabakitzen duten ekoiztetxeei. Masterchef Poloniak grabaketetarako eszenatokien artean (Gasteizen eta Oñatin ere grabatu dute eta finala Haron izango da) Gipuzkoako hiriburua aukeratzeko orduan kontuan hartu dira Donostiako ingurune gastronomikoaren garrantzia eta Miramar Jauregiaren edertasuna.
Sei lehiakideek euren proposamenak aurkeztu dituzte Miramar Jauregiko terrazetan kokatu diren sukaldeetan, epaimahaia harrituta uzteko ahaleginean, eta epaimahaikide lanetan aritu dira Michel Moran, sukaldaritzako maisu frantsesa, eta Magdalena Gessler, 251 jatetxe baino gehiagoren jabe eta Kuchenne Rewolucje Poloniako sukaldaritza programako aurkezlea den chefa, Elena Arzak sukaldaria gonbidatu berezia izanda. Dagoeneko Donostian grabatu dute programaren hasiera, Igeldo menditik, eta hemendik ibiliko diren asteetan zehar hainbat Michelin izardun jatetxetan grabatuko dute ere (Arzak, Elkano, Kokotxa edo Alameda), jatetxe apalago batzuekin batera (Astigarragako Roxario, Hondarribiko Hermandad de Pescadores eta Orioko Xixario). Horrez gain, Basque Culinary Center-ean masterclass saioa jasoko dute.
Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak, Donostia Sustapenaren bidez eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailarekin batera, ikus-entzunezko industria sustatzen du hiriaren eta Gipuzkoako lurraldearen eragile ekonomiko gisa, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission bulegoaren bitartez. Bulego hau 2018. urtean sortu zen, 2003az geroztik San Sebastian Film Commission izenarekin existitzen zen arren, Donostiako eta Gipuzkoako lurralde guztia ikus-entzunezko industria nazionalaren eta nazioartekoaren arloan sustatzeko erronka nagusiari erantzuteko, filmaketetarako lokalizazio ezin hobea izanda, tokiko ikus-entzunezko sektorea eta sektore digitala ezagutzera eman eta garatzeko helburuarekin.