Mediapro ekoizlea Donostia kontuan hartzen ari da Iparramerikako zinemagilearen hurrengo pelikula grabatzeko hiria bezala, eta, horretarako, lehen bilera egin du San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionekin, ekoizpenaren funtsezko premiak, taldearen ostatatzea, bulegoak edo baimenen izapidea bezalako gaiak aztertzeko. Ernesto Gasco alkateordeak, SSGIFilm Commissionen arduradunak, bilera gogobetekoa izan zela esan zuen: “Gure ustez, Donostiak ederki asko bete ditzake mahai gainean jarri dituzten planteamenduak eta beharrak. Taldeak eta pelikulako aktoreek hemen ostatu hartzeko aukerak eskaintzeko lan egingo dugu. Donostiarentzat oso ona da Woody Allenek gure hiria filmatzeko aukeren artean edukitzea, hiriaren marka propioa nazioartekotzen lagunduko bailuke”.

Denis Itxaso Kultura diputatuak gogora ekarri du Aldundiak eta Batzar Nagusiek onartutako araudi fiskal berriak abantaila fiskalak eskaintzen dizkiela Gipuzkoan filmatutako pelikulei, eta, positiboki baloratu ditu filmatzeak erakartzeko abian jarritako politika publikoak. “Filmatzeak sustatzeko Gipuzkoako fiskalitate berria eta San Sebastián Gipuzkoa Film Commision erakundea kanpokoak erakartzeko neurri baliagarriak eta eraginkorrak dira. Gainera, ekoizleak egindako apustu hori onuragarria izan daiteke Gipuzkoan zinema-munduan lan egiten duten profesional bikainentzat, proiektu horretan lan egiteko aukera izan baitezakete munduko zuzendari onenetarikoaren ondoan”.

Produkzio-etxeko arduradunek gaur (ostirala) goizean Donostiako Sustapenaren egoitzan SSGIFilm Commissioneko arduradunekin egin duten bileran adierazitakoaren arabera, grabaketa uztailetik aurrera egingo litzateke eta zazpi aste iraungo luke. Hirira egin dituzten lehen bisitetan, hiriko leku enblematikoak bisitatu dituzte; hala nola, Kontxako hondartza, Alde Zaharra edo Haizearen Orratza, pelikularen eszenatoki bihurtzeko aukera duten tokiak bezala, baina oraindik ez dute erabaki horietako zein egokituko liratekeen gidoiaren premietara. Halaber, filmatze batzuk barnealdean egiteko aukera ikusten dute.

Gaurko lan-bileran, ekoizleak ekoizpen-arloko premiak mahai gaineratu ditu; esate baterako, taldearen ostatu-aukerak edo ekoizpen-bulegoak jartzeko espazio bat izateko aukerak. Horrez gain, SSGIFilm Commisioneko arduradunei jakinarazi die kamioi-kopuru handia dutela, 14 inguru, hirian zehar eta filmatzeko espazioetan mugitze aldera.

San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissioneko taldeak Mediaproren eskura jarri du filmatzeak babesteko dituen zerbitzuen katalogo osoa. Halaber, taldeak ostatu hartzeko irtenbideen kudeaketa eskaini die, maila gorenetik hasita (Maria Kristina Hotela izan daiteke, udal-jabetzakoa) edota hiriko hotelen eta apartamentuen sarea. Horrez gain, hirian ekoizpen-bulegoa kokatzeko aukera desberdinen berri eman diote produktoreari.

San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionen erronka nagusia da Donostia eta Gipuzkoako lurralde osoa sustatzea estatuko eta nazioarteko ikus-entzunezko industriaren eremuan, filmatzeak egiteko kokapen aproposa bezala, tokiko ikus-entzunezko sektorea eta sektore digitala garatzeko eta proiektatzeko helburuarekin. Gainera, Gipuzkoako sarea sortu du, Gipuzkoa filmatzeetarako eszenatoki gisa hautatzen duten zinema, telebista eta publizitate ekoizleei lana erraztearren.