Pelikula, musuko eta amaierako sariz beteriko bederatzi egun izan dira. Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak aurrera ateratzea lortu du Covid19k eragindako ziurgabetasuna ezaugarri izan duen edizioa. Edizio honetan, oso garrantzitsuak izan dira filmatzeko orduan San Sebastián Gipuzkoa Film Commission-en lankidetza izan duten zenbait lan. Donostiako Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Enrique Ramosekin hitz egin dugu.

Zer balantze egiten du San Sebastián Gipuzkoa Film Commission-ek Donostiako Zinemaldiko aurtengo edizioari buruz?

Orokorrean, positiboa da Zinemaldia egiteko aukera eduki izana, pandemia garaian egonagatik. Eta, gure kasuan, SSGIFC bezala, eta Zinegotzigotik nahiz Donostia Sustapenetik ere positiboa da balantzea; izan ere, 2019an lagundu ditugun zenbait proiektu garrantzitsu Zinemaldiaren edizio honetan aurkeztu ahal izan dira: Rifkin’s Festival, Patria, Akelarre, Hil Kanpaiak, Bizimina film laburra...

Woody Allenek bere gidoia idaztean Zinemaldia izan zuen buruan, pelikula Donostian eta Gipuzkoako beste herri batzuetan filmatu zuen, eta Zinemaldian estreinatzea erabaki zuen. Hiru alderdi horiek indartu egin dute zuzendari estatubatuarrak hiriarekin duen harremana. Zer ondorio izan dezake pelikula honek alderdi profesionalari eta hiriaren irudiari dagokienez?

Woody Allen izen handiko zuzendaria da. Horregatik, pelikula bere osotasunean filmatzeko hiri hau eta Gipuzkoako lurralde hau aukeratu izana oso garrantzitsua da. Pelikulak nazioartean izugarri zabalduko du gure geografia, ingurua, etab. Donostia eta Gipuzkoa zinemako lurralde gisa ikusaraziko ditu, eta, ikus-entzunezkoen sektoreari dagokionez, lurralde hau ezagutaraziko du kalitate handiko balio kate garrantzitsu baten integratzaile gisa.

HBOren ‘Patria’ telesaila ere Zinemaldian estreinatu da, eta ikusleen esku dago jada, plataformaren bidez. Kasu horretan filmaketa zailagoa izan zen, ezta?

Patria Donostian, Soraluzen eta Eibarren filmatu zen. Eta eszena zail batzuk hirian filmatu ziren, adibidez autobus bat erretzea Donostiako Boulevarden bertan. Horrelako eszenak hilabete batzuk lehenagotik lantzen dira ekoiztetxearekin; izan ere, hainbat alderdi hartu behar dira kontuan (arrisku eta segurtasunari buruzkoak, ingurumen alderdiak, etab.). Zailtasunak zailtasun, dena ongi atera zen, eta ekoiztetxea gustura geratu zen eszena filmatzeko orduan eta filmaketa guztian izan zuen laguntza eta zerbitzu profesionalarekin.

San Sebastian Film Commission-en partaidetza izan duten beste pelikula batzuk ere izan dira Zinemaldian, hain zuzen ere, Akelarre’ eta ‘Hil kanpaiak’. Egiazki, urtea oso emankorra izan da, filmaketei dagokienez, Gipuzkoako lurraldean.

Hain zuzen ere, lan horiek 2019an filmatu ziren, eta urte hori emankorra izan zen. 2018an, 93 proiekturi eman zitzaien babesa (zinema, telesailak, TB, publizitatea, etab.), 10 milioi euro baino gehiagoko inbertsioarekin. 2019an, berriz, 100 proiekturi lagundu zitzaien, eta 16 milioi euro baino gehiagokoa izan zen inbertsioa. Baina proiektu kopuruaz haratago, azpimarratu behar da kalitate oso handikoak direla eta, gainera, dakarten sustapen maila ere handia dela. Lankidetzan jardun dugu hainbat ekoizpenetan, adibidez, Rifkin’s Festival, Patria, Akelarre eta Hil Kanpaiak ekoizpenetan. Horiek Zinemaldian estreinatu edo aurkeztu ahal izan dira. Gogoratu behar dugu 2019an bertan filmatu zela gure ingurunean La Línea Invisible telesaila ere, nahiz eta hau lehenago estreinatu den. Esan dezakegu 2020. urte honetan, pandemia garaian egonagatik, lanean jarraitzen dugula. Itxialdiagatik bertan behera geratu ziren filmaketei berriro ekin zitzaien, eta 2021ean filmatuko diren proiektu berrietarako kokapenak eta abar eskatzen ari zaizkigu. Jada ia 50 proiekturi eman diogu laguntza, eta irailera arte 6 milioi euroko inbertsioa egin dugu.

Duela bi urte eratu zen San Sebastián Gipuzkoa Film. Zer da ekoizpenak erakartzeko eskaintzen duzuena, eta non lan egin behar duzue hazten jarraitzeko?

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuarekin dugun hitzarmenari esker, SSGIFC eratu zen. Hirirako Film Commission izatetik, Gipuzkoako lurralde osoarentzat lan egitera igaro zen. Baina gure Film Commission 2003an sortu zen, eta, horregatik, badugu jada dezenteko esperientzia eta egiten jakitea. Zerbitzu profesional honez gain eta eskaintzen ditugun abantaila batzuez gain (tasak kentzea, leihatila bakarra ekoiztetxeentzat, etab.), esan dezakegu Donostia eta Gipuzkoa benetako plato izan daitezkeela filmaketetarako, era askotako paisaiekin, eta, gainera, hemen lan egin nahi duen edozein ekoiztetxek behar dituen ikus-entzunezkoen sektoreko profesional eta enpresa guztiak aurkituko dituela, eta, gainera, kalitate handikoak. Hori agerian geratu da azken urteotan gure lurraldeko profesionalek irabazi izan dituzten sari garrantzitsuekin.