Eneko Muruzabalek irabazi du Oihua! sorkuntza ekimenaren hirugarren edizioa Planetagatik film laburraren proiektuarekin.

Oihua!, Donostia Kulturak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta San Sebastian- Gipuzkoa Film Commissionek bultzatutako ekimena da. San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission, Donostiako Sustepenetik eskaintzen den zerbitzua da. Euskaraz filmatzen den fantasiazko generoa indartzeko helburuarekin sortu da. Deialdia sortzaile hasiberrientzat egin da. Irabazleak Igor Legarreta zuzendariaren aholkularitza izango du lan prozesuan zehar. Gainera erakundeek 10.000 bat euro jarriko dituzte ekoizpenerako, hau da, film laburra egin ahal izateko. Zentzu horretan, Larrotxene Bideoren tutoretzapean eta elkarlanean ekoiztuko da gidoia. Film laburraren filmaketa osoa Gipuzkoako Lurralde Historikoan egingo da.

Hirugarren edizio honetan 10 gidoi jaso dira. Lanen jatorriari dagokionez, aurtengo edizioan 7 gidoi jaso dira Gipuzkoatik, eta 3 Bizkaitik. Aurkeztutako gidoi guztien kalitate eta izaera profesionala nabarmendu ditu epaimahaiak.

Epaimahaikideak Igor Legarreta zinegilea, eta erakunde antolatzaileetako ordezkariak izan dira: Marta Zabaleta (San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission), Unai Guerra eta Jon Sánchez (Larrotxene Bideo), Josemi Beltrán (Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea) eta Alex Aisa (Euskara Zerbitzua). Planetagatik aukeratzeko hainbat irizpide erabili dira: sormena eta kalitate artistikoa, ekoizpenaren bideragarritasuna, kokalekuen aniztasuna eta euskararen maila.

Epaimahaiak lan irabazlearen honako alderdiak azpimarratu ditu: “Gaiak duen interes bizia, ironiaren erabilera fina eta euskaraz egindako zientzia-fikzioa aldarrikatzeko nahia. Planetagatik, gaurkotasun handiko ekodistopia da”.


SARIA

Aukeratutako proiektua honako ekarpen hauekin sarituko ditu erakundeak:

  • Gidoiko profesional batek azken idazketa-prozesuan aholkularitza ematea.
  • Filmaketaren preprodukzioko eta antolamenduko prozesuan zehar laguntzea.
  • Igor Legarreta errealizadorearen aholkularitza teknikoa eta zuzendaritzaren arlokoa.
  • Larrotxene Bideo komunitatetik datorren film laburra grabatzeko eta postproduzitzeko ikus-entzunezko ikasle eta profesionalez osatutako talde teknikoa.
  • Larrotxene Bideotik film laburra egiteko eta editatzeko beharrezkoak diren makineria eta materialak.
  • Larrotxene Bideok kudeatutako produkzio-gastuen poltsa.
  • San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission-en laguntza eta aholkularitza aurreprodukzio- eta produkzio-fasean: kokalekuak bilatzeko eta filmaketa egiteko beharrezkoak diren baimenak lortzeko lankidetza.

Film laburra Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko 2024ko programazioan txertatuko da. Hautatutako pertsona filmaren kredituetan agertuko da, eta bertan duen papera egiaztatuko da. Aukeratutako ideiak 300 €-ko ordainsaria jasoko du gidoia sinatu duen pertsonarentzako egile-eskubideen kontzeptupean.

Film laburrak Larrotxene Bideoren ekoizpen baten tratamendua izango du, zinemaldietan izena emateko garaian eta jaso ditzakeen sariei dagokienez.