Haren estreinaldia pasa den otsailaren 19an izan zen, Amazon Prime Video plataforman, eta, astebete geroago, Mediapro Studio eta Atresmedia Studios (Buendía Estudios) ekoizleek ‘El Internado: Las Cumbres’ telesailaren bigarren denboraldiaren filmaketa iragarri zuten. Telesaila Gipuzkoan filmatua da, Donostia-Gipuzkoa Film Commision-en laguntzarekin. Filmaketan barrena, taldeak Gipuzkoako hainbat inguru bisitatu zituen: Artikutzako basoa, Miramar Jauregia edo Easo Institutu Politeknikoa; Guadalupeko Gotorlekua eta Higerko Itsasargia (Hondarribia); San Esteban Eliza eta Arditurriko Meategiak (Oiartzun); Infantado Jauregia (Lazkao); Torrea Etxea (Usurbil); Loraldi negutegia (Astigarraga). Horretarako, Donostia-Gipuzkoa Film Commission-en laguntza izan zuen, kokalekuak bilatzeko eta baimenak izapidetzeko..
Filmaketari buruz Carlos Apolinariorekin, El Internado Las Cumbres telesailaren ekoizpen zuzendariarekin,hitz egin dugu.
Telesailaren filmaketarako, zergatik aukeratu zenuten Gipuzkoa?
Hainbat arrazoi daude horretarako. Alde batetik, aurreko proiektu batzuetan ere Gipuzkoako ekoizpen saileko jendearekin lan egin dugu. Gipuzkoakoak direnez, oso ondo ezagutzen dute tokia, eta oso ondo ezagutzen dituzte, baita ere, lurralde honetan proiektuari berme guztiarekin aurre egiteko beharrezkoak diren langileak. Beste alde batetik, Gipuzkoako probintziak kokaleku bikainak eskaintzen dizkigu.
Era berean, garrantzitsua izan zen Zinealdia espazioak eskaintzen dizkigun instalazioetan lan egitea. Izan ere, 1.800 metroko gune bat behar genuen, eta areto osagarri ugari, eta Oiartzungo Zinealdea espazioko platoek hori guztia eskaintzen digute. Gure filmaketa egiteko Gipuzkoa aukeratzeko beste arrazoi garrantzitsu bat izan ziren ikus-entzunezkoentzat Eusko Jaurlaritzak emaniko zerga pizgarriak.
Nola garatu zen filmaketa Gipuzkoako lurretan?
Filmaketa, Covid-en arazoa izanik ere, arrakastatsua izan zen, eta hasieratik aurreikusita zegoen bezala bete ahal izan zen laneko plana. Ekainean, uztailean eta abuztuan pandemiaren intzidentzia txikia izan zen, eta, hartu genituen segurtasun protokoloei esker, arazo esanguratsurik gabe amaitu ahal izan genuen filmaketa. Horrez guztiaz gain, Gipuzkoan filmatzea oso positiboa izan da, alderdi guztiei dagokienez.
Nolakoa izan zen Donostia-Gipuzkoa Film Commision-ekin izaniko lankidetza?
Film Commision-ekin izan genuen lankidetza oso erraza eta positiboa izan zen, uneoro. Tresna honek asko errazten du ekoizlearen eta kokalekuen eta tokiko eta herrialdeko erakundeen arteko harremana.
Nolakoa izan zen tokiko enpresekin eginiko lana?
Ezin hobea izan da lan hori; oso fidagarriak diren enpresak daude, eta ekoizpenaren alderdi guztiak betetzen dituzten profesionalak. Teknikariei dagokienez, profesional oso onak izan ditugu, ibilbide nabarmena dutenak, eta, haiei esker, ekoizpen estandar ezin hobeekin atera da aurrera proiektua.
Zein dira bigarren denboraldirako egitasmoak, berriro ere Gipuzkoan filmatuko duzue?
Bai, zalantzarik gabe. Telesaila lehenengo denboraldiaren jarraipena da, erabat, eta, aurretik esan dizuedan bezala, gustura gaude Gipuzkoa aukeratu dugulako Internado Las Cumbres filmaketaren ekoizpen gune gisa.