San Sebastian Gipuzkoa Film Commissionek bere izena daraman sariaren hamargarren edizioa jarri du martxan. Bultzada Ekonomikoko Zinegotzigoak eta Gipuzkoako Diputazioaren Kultura Sailak bultzatutako sariaren helburua da Espainiako produktoreen eta Film Commissionen lana aitortzea. Izan ere, beren filmaketekin enplegua eta negozioa sortzen dute beren eszenatoki bihurtzen diren lurraldeetan, eta lurralde horien irudiaren oihartzuna lortzen dute. Aurten, hogei film luze inguru aurkeztu dira deialdira, eta horietatik bost hautatu dira. Grabaketa egin zen lekuaren balioak hoberen islatzen dituen film luzeak 7.000 euroko saria lortuko du ekoizlearentzat, eta 3.000 eurokoa film commission laguntzailearentzat. Saria irailaren 24an emango da, Donostiako Zinemaldia abian den bitartean.

Horren harira, Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak adierazi duenez, “aitorpen berezia eta paregabea sustatzen ari gara berriz ere, Donostian ematen dugun San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission Sariarekin. Horren bitartez, aintzat hartu nahi ditugu grabaketa egin den tokiaren balio kultural eta sozialei erreparatzen dieten eta kokapenaren inguruneari balioa ematen dioten film luzeak. Horrez gain, garrantzia ematen diogu film commissionek egiten duten lanari, tokian tokiko ikus-entzunezko industria babesteko xedez, lurraldeei berei eta ondare zein turismo baliabideei leku nabaria ematen diete eta”.

Hala, Kulturako foru diputatuak, Harkaitz Millánek, zera dio, “film commissionek profesionalen lana ahalik eta gehien errazten” dutela, “kanpoko eta barruko agertokiak eraginkortasunez detektatzeko tresnen bidez”. Gainera, “bide publikoa erabiltzeko baimenak lortu eta beste administrazio izapide batzuk egiteko sistema arinak erabiltzen dituzte. Gipuzkoan, Donostiako Udalarekin eta lurraldeko eskualdeekin lan egiten dugu ikus-entzunezko grabaketak erakarri, kudeatu eta arintzeko, hiriaren eta lurralde osoaren mesedetan”.

Maiatzean, parte hartzeko deialdia egin zen eta, guztira, fikziozko film luzeen 20 proposamen jaso ziren, produkzioak edo koprodukzioak estatuan zehar bideratu dituzten ekoizle nazionalen eskutik, baldin eta estatuko film commissionetako baten laguntza egiaztatua bazuten. Horietatik bost finalista hautatu dira, eta lehia haien artean gauzatuko da San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission Saria lortzeko.

Aurten, film hauetako batek lortuko du saria:

illargiIlargi Guztiak

Igor Legarreta - 2020 - Espainia -101 min- Bilbao Bizkaia Film Commission, Navarra Film Commission, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission eta Vitoria-Gasteiz Film Office.

Baso amaigabeak eta elurrez estalitako mendiak... XIX. mendearen azken herena da, eta azken guda karlistaren oihartzuna dator Nafarroako iparraldeko haranen batera. Umezurtz batzuk ikara bizian dabiltza gerra gainera datorkielako seinaleak ikusita. Umezurtz-etxeko mojak  laguntzera joango zaizkie ziztuan.

 


illargiBaby

Juanma Bajo Ulloa -2020- Espainia -103 min- Vitoria-Gasteiz Film Office

Drogazale gazte bat krisi betean dagoela erditu da. Hainbat egunetan zehar umetxoa eskas elikatu du eta ezinegona familiako txupete zahar batekin lasaitzen saiatu da. Umeaz arduratzeko gauza ez denez, azkenean saldu egin dio haurren salerosketan dabilen emakume aztoragarri bati. Berehala damutuko zaio eta berreskuratzen saiatuko da. Horretarako, ordea, ahuleziei eta beldur sakon-sakonenei aurre egin beharko die.

 


illargiSalir del Ropero

Angeles Reine-2020 -Espainia-94 min-Lanzarote Film Commission

Eva etorkizun handiko espainiar abokatu gazte bat da, Edinburgon bizi dena. Eskoziako familia handi eta ultrakontserbadore baten oinordekoarekin ezkontzeko asmoa du, baina dena kolokan jarriko da haren amona Sofiak bere lagun min Celiarekin ezkontzea erabaki duela jakitean.

 


illargiRetrato de Mujer Blanca con Pelo Cano y Arrugas

Iván Ruiz Flores -2020- Espainia -85 min- Vitoria-Gazteiz Film Commission

Juliak zain darama bizitza osoa, eskultura irakasle lana utzi eta denbora bere bizitzari eta obrari eskaintzeko. Gaur lortu egin du. Erretiroa hartu berri du. Haren amak, Marinak, laurogeita hamar urtetik gora ditu. Enara emakume bat da. Hilabetez alaba Juliaren etxean bizi da eta, hurrengo hilabete osoa, Juan eta Esther seme eta errainaren etxean. Badira ia hiru urte horrela bizi denetik. Egoeragatik gogaituta, eta Juliak erretiroa hartu duela baliatuz, Estherrek erabaki du Marina ez dela ordutik aurrera bere etxean geldituko.

 


beniNieva en Benidorm

Isabel Coixet -2020- Espainia -119 min- Benidorm Film Office

Peter Riordan gizon bakarti, maniatiko eta metodiko bat da, fenomeno meteorologikoen obsesioari eman samarra. Bizitza osoa Manchesterreko banketxe batean lan egin du, eta aurre-erretiroa ematen diotenean, Daniel anaiari bisita egitea erabaki du, Benidormen bizi da eta. Hirira iristen denean, ordea, anaia desagertu dela eta burlesqueko klub baten jabea zela jakingo du. Han Alexek lan egiten du, gizona zeharo liluratuta daukan emakume misteriotsu batek.

 

Edizio honetan, berriz ere, hainbat eremu profesionaletako aditu nabarmenek osatuko dute epaimahaia, nork bere ikuspegia ekarpen bihurtzeko. Saria irailaren 24an emango da, Donostiako Zinemaldian abian dela. Ekitaldia María Cristina hotelean egingo da eta, besteak beste, epaimahaiko kideek parte hartuko dute, zer filmek irabazi duen ezagutzera emateko. Irabazlearen eta film commission laguntzailearen ordezkariak ere egongo dira. Aurtengoa hamaikagarren edizioa da, eta ikus-entzunezkoen ekoizleek egiten duten lana aitortzea du xede, grabaketen lurraldeetan enplegu eta negozio aukerak sortzen baitituzte. Jardueraren esparrua, hain zuzen, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak bideratzen duen estrategia da, ikus-entzunezko industria bultzatzeko hiriaren motor ekonomiko gisa, Donostia Sustapenaren bidez eta Gipuzkoako Aldundiko Kultura Departamentuarekin batera.

San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission Saria O que arde filmari eman zitzaion 2019an. Zuzendaria Galiziako Oliver Laxe da, eta Asturias Paraíso Natural Film Commissionen laguntzaz egin zen.

San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission 2018ko martxoan sortu zen, nahiz eta 2003az geroztik Donostia Film Commission gisa existitzen zen, Donostia eta Gipuzkoako lurralde osoa sustatzeko erronkarekin, hain zuzen, nazioko eta nazioarteko ikus-entzunezko industriaren barnean, grabaketetarako kokapen ezin hobea delakoan eta, zehazki, tokiko ikus-entzunezko sektorea eta sektore digitala proiektatu eta garatzeko asmoz.