Donostia-Gipuzkoa Film Commission erakundeak –Donostiako Udaleko Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak osatua, Gipuzkoan errodajeak sustatzeko– bisitan izan ditu publizitatearen alorreko hainbat ekoizpen-etxe alemaniarretako ordezkariak. Bidaia horren helburua Donostia eta Gipuzkoa ezagutaraztea izan da, etorkizuneko filmaketetarako. Bisitariek Deba, Elgoibar, Mutriku eta tankerako udalerriak ezagutu dituzte, eta Donostiako kaleetan barrena ibili dira. Halaber, profesionalen arteko topaketak egin dituzte ikus-entzunezko sektoreko toki-enpresekin, eta Donostia-Gipuzkoa Film Commissionek eskaintzen dituen zerbitzuei buruzko informazioa jaso dute, zeinak eskura izango baitituzte Gipuzkoan filmatzea erabakitzen badute.
Horrekin loturik, hauxe azaldu du Ernesto Gasco Sustapen Ekonomikorako zinegotziak: “Oso garrantzitsuak dira tankera honetako bisitak gure hirirako; Donostia Sustapenak kudeatzen duen Donostia-Gipuzkoa Film Commissionen, indar handia erakusten ari den ikus-entzunezko sektore baten alde ari gara lanean, eta urtetik urtera gero eta filmaketa gehiago hartzen dira, dela zinemarako, publizitaterako, telebistarako... Ziur gaude maila handikoak direla gure kokapen-eskaintzak eta Gipuzkoako ikus-entzunezko sektorea bera, eta, horrenbestez, bisita honek filmaketak ekarriko dituela etorkizunean”.
Bisita honetan, Alemaniako bederatzi ekoizpen-etxe itzaltsutako ordezkariak izan dira. Haien zorroan, bezero garrantzitsuak ageri dira, hala nola Coca Cola, Adidas, Nivea, Amazon, Audi, Mercedes eta abar. Horrez gain, etxe horiek kalitatezko bideoklip-zerrenda nabarmen bat ere badute, Cannes Lions, Manhattan Short Festival eta beste hainbat jaialditan sarituak.
Bidaia antolatu izanaren arrazoiak bat baino gehiago izan dira: Alemaniako ekoizpen-etxeek bertatik beratara ezagutzea hiriak eskaintzen dituen kokapenak, eta azpimarratzea Donostia-Gipuzkoak ikus-entzunezko sektore sendoa, itzaltsua eta irmoa duela –eta, hortaz, gauza dela erantzun egokia emateko filmaketa-eskakizunik zorrotzenei ere–. Ildo horretatik, bigarren jardunaldian bilera bat egin dute Donostia Sustapeneko arduradunekin Pi@ eraikinean, azaltzeko zein den ikus-entzunezko bertako sektoreari laguntzeko estrategia. Halaber, aldez aurretik definitutako aldebiko networking-saioak egin dira bertako ikus-entzunezko sektoreko enpresekin: ekoizpen-etxeak, casting-enpresak, tokiko teknikariak, zerbitzu-enpresak eta abar. Jardunaldiaren hasieran, Ibaiak (Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea) Gipuzkoako ikus-entzunezkoen ekosistemaren ezaugarriak deskribatu dizkie bisitariei.
Era berean, Donostia-Gipuzkoa Film Commisionek eskaintzen dituen zerbitzu nagusiak azaldu dizkie, gogoraraziz eskura izango dituztela zerbitzu horiek:
- Espazio publikoetan filmatzeko baimenen izapideak kudeatzea.
- Filmatzeko baimenak izapidetzeko harremanetan laguntzea hainbat eragile pribaturekin.
- Filmatzeko lokalizazioak bilatzeko lankidetza eskaintzea.
- Tokiko ikus-entzunezko profesionalak ekoizpen-etxeekin harremanetan ipintzea / Tokiko ikus-entzunezko enpresen eta profesionalen direktorioa / Lotura-lanak ikus-entzunezko sektoreko ekoizpen-etxeekin, enpresekin eta profesionalekin.
- Informazio erabilgarria eta beharrezkoa edozer filmaketatarako.
Alemaniako ordezkariek egiaztatu dute Gipuzkoak eta Donostiak, zinemagintzako tradizio egiaztatua ez ezik, paisaia- eta arkitektura-balio nabarmena ere badituztela, eta, lurraldeko klima-aukera gaineratuta, aukera ugari eskaintzen dituela. Horrekin batera, eta kontuan izanik ikus-entzunezko industriaren sendotasuna, gure hiria plato egokia da edozer ikus-entzunezko produkziotarako.
Alemaniako ordezkarien artean, honako hauek izan dira:
- Martina Lülsdorf (www.stinkfilms.com )
- Wolf Stundl (www.wunderfilm.de )
- Ute Ressler (www.noktofilm.com )
- Jens Maier-Rothe (www.iconoclast.tv )
- Alexander Papastawrou (www.truemotionpictures.de )
- Simon Fessler & Tobias Paul (www.simonundpaul.com )
- Thomas Rentscheler (www.friendsandfellows.com )
- Myriam Zschage (www.werbefilmproduzenten.de )
- Swantje Maatthaei (www.27km.de )