Gipuzkoan grabatutako ikus-entzunezkoen ekoizpenen atalean, Iciar Bollainen “Maixabel” filmak jaso du aipamen berezia.

Quién lo impide filmak irabazi du XI. San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission Saria. Jonás Truebak zuzendutako ikus-entzunezko ekoizpena dokumentalaren, fikzioaren eta testigantza-erregistroaren arteko nahasketa bat da, eta Ilusos Films ekoiztetxearen produkzioa eta Madrid Film Officen lankidetza izan ditu.

Saria Donostiako Udalak sustatzen du, Ekonomia Garapeneko Zinegotzigoaren eta Donostiako Sustapenaren bitartez, baita Gipuzkoako Foru Aldundiak ere, Kultura Departamentuaren bitartez. Sari honen bidez, aitorpena eman nahi zaio ikus-entzunezko ekoiztetxeen lanari, ekoizpenen agertoki bihurtzen diren hirietan negozio- eta enplegu- aukerak sortzen dituztelako. Hala, agertoki dituzten tokietako hirigintza-, paisaia-, kultura-eta gizarte-balioak hobekien islatzen dituzten fikziozko film luzeak saritzen ditu.

Donostia Zinemaldiko zuzendariordea den Maialen Belokik, Meritxell Colell zinema-zuzendariak eta Eneko Sagardoy aktoreak osatutako epaimahaiak eman du saria.Epaimahaikideek filmaren berrikuntza eta sormen-askatasuna balioetsi dituzte, fikzioaren eta ez-fikzioaren mugekin jolasten baitu lanak.

quienloimpide portadaV2 cartelEpaimahaiaren ustez, Quién lo impide filma, Madrilen filmatua, erretratu kolektibo bat da, beharrezkoa, eta gazteei buruzko beste ikuspegi bat ematen du, gazteek beren buruaz, axola zaienaz, nahi dutenaz eta behar dutenaz hitz egin dezaten utzita.

Ilusos Filmseko Javier Lafuentek jaso du 7000 euroko saria, Zinemaldiaren ardatz nagusi den Kursaal Kongresu Jauregian, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionek antolatutako gala batean. Bertan izan dira, epaimahaiaz eta sarituez gain, Donostiako Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, bai eta ikus-entzunezkoen sektorearekin lotutako beste erakunde batzuk ere.

Javier Lafuenterentzat, “sari hau irabazteak bost urte iraun duen lan baten aintzatespena da. Gainera, Madrilen, Badajozen, Kordoban, Granadan eta Sevillan filmatu zen, eta orain oso harro egoteko modukoa da kokapen desberdinen balioak islatzeko izan dugun gaitasuna saritzea”.

Ekonomia bultzatzeko zinegotzia den Marisol Garmendiak zera adierazi du sari-banaketan: «San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionen erronka nagusia Donostia eta Gipuzkoa osoa nazioko eta nazioarteko ikus-entzunezko industriaren esparruan sustatzea da, filmaketak egiteko kokapen ezin hobea garela ulertuta, tokiko ikus-entzunezko sektorearen garapena proiektatu eta horretan parte hartze aldera. Zinema-hiri bat izateaz gain, zinema-ekoizpenak eta beste genero batzuk filmatzeko agertoki bat ere bagara. Sari honen bidez, ekoizpenok egiten duten lan bikaina aitortzen da, eta aipamen berezia egiten da lana gure lurraldean egin bada».

Bestalde, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroleko diputatu Harkaitz Millanek honako hau adierazi du: “Gipuzkoa eta Donostia Espainiako ekosistema zinematografikoaren funtsezko zati dira. Ikus-entzunezko produkzioek inbertsioa erakartzen dute, aberastasuna sortzen dute eta enplegua sortzen dute. Gipuzkoako platoaren aldeko gure apustua sektore ekonomiko kultural honek gero eta gihar gehiago izan dezan laguntzen ari da. Bidezkoa da sari honen bidez onenak aitortzea”

Aipamen berezia

Era berean, Iciar Bollainen zuzendaritzapean Kowalski Films eta Feelgood Media ekoiztetxeek ekoiztutako Maixabel filmak Aipamen Berezia jaso du, aurten lehenengoz eman den saria, 2021ean Gipuzkoan filmatutako ikus-entzunezko ekoizpena aitortzeko.

Maixabel Gipuzkoan filmatu zen ia bi hilabetez eta, ondorioz, langile teknikoak, artistikoak eta figuranteak kontratatu ziren, baita ekipoak eta materiala alokatu ere. Gainera, SSGFC zerbitzuak filmaketaren aurreko fasean lagundu zuen kokalekuak bilatzen, eta filmaketan zehar, baimenak kudeatzen eta izapidetzen.

Koldo Zuazua ekoizleak jaso du 3000 eurotako Aipamen Berezia, eta bertan adierazi duenez. “emozio eta errekonozimendu handiko urte oso baten amaiera da. Gainera, ilusio berezia egiten du Donostian jasotzeak, proiektua bertan jaio bait zen”.

Edizio honetarako, Estatuko hogei ekoiztetxe inguruk aurkeztu zituzten film luzeen proposamenak; lan horien produkzio edo koprodukzioetako batzuk lurralde nazionalean egin ziren, Estatuko Film Commission baten laguntza ziurtatuarekin. Hautagaitza guztietatik, bost zinta aukeratu ziren sarirako:

  • Alcarrás, Carla Simón – 2022 Espainia – 120min – Avalon PC, Elastica Films, Vilaüt Films eta Kino Produzioni - Aragón Film Commission, Lleida Film Commission eta Catalunya Film Commission.
  • Cinco Lobitos, Alauda Ruiz de Azua – 2022 Espainia – 104min – Encanta Films, Sayaka Producciones eta Buenapinta - Media Bilbao Bizkaia Film Commission eta Madrid Film Office.
  • Maixabel, Iciar Bollaín – 2021 Espainia – 115min – Kowalski Films eta Feelgood Media- Vitoria Gasteiz Film Office eta San Sebastián-Gipuzkoa Film Commission.
  • Quién lo impide, Jonás Trueba – 2021 Espainia – 220min – Los Ilusos Films - Madril Film Office.
  • Sis Dies Corrent, Neus Ballús – 2021 Espainia – 81min – Distinto Films eta El Kinògraf - Catalunya Film Commision.